Berria egunkariaren analisi bat

 

Egunkari guztiek ez dute berri guztiekin berdin jokatzen, izan ere, euren ildo editorialaren politikaren araberako garrantzia ematen diete berriei. Horregatik, egunkari batean lehen orrialdeko berri nagusia den gai bat, beste egunkari batean bigarren mailako berria izan daiteke, edota, muturrera joz, baliteke berri hori aipatu ere ez egitea. Horixe bera da aukeratu dudan egunkariaren paperezko edizioaren berririk garrantzitsuenarekin gertatu dena. Gaur ostirala da, 2021eko abenduaren 17a; eta Berriako azalean dagoen notizia honakoa da: “Murgiltze eredua erabiltzea “posible” dela ezarri du Frantziako Gobernuak”. Euskarazko hezkuntzari zuzenean  eragiten dion berria da eta Berriaren ildo editorial bakarrarekin bat egiten du: euskara. Beste komunikabide batzuetan berri hau bilatu; Gara egunkariaren online edizioan agertzen den artean,  Eitb.eus atarian ez da aipatu ere egiten.

Berri honekin batera, oso loturik dagoen beste bat ere ageri da Berriaren lehenengo orrian, hezkuntzako ereduekin lotuta: “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza eragile nagusiek eskatu dute egungo lerroak kentzeko eta soilik euskara gaitasun “egokia” bermatuko lukeen bat sortzeko”. Ikus daitekeenez, lehenengo notiziak ipar-euskal herriari eragiten dion bitartean, bigarrenak Euskal Autonomia Erkidegoari eragiten dio; baina biak gai bakarraren ingurukoak dira: euskara eta hezkuntza ereduak.

Egunkariaren edizio digitalera joz gero, Frantziako Hezkuntza Miniesterioari buruzko berria nahiko behean agertzen dela ikus dezakegu (irudian gezia jarri dut nabigatzailean behera jo dudala adierazi nahian). Zehazki, “Gizartea” atalean agertzen da, ez berri nagusietan.


On-lineko bertsioan Ministerioaren erabakiari buruzko iritziari eman zaio garrantzia handiagoa erabakiari berari baino; berri nagusia Seaskako lehendakariari egindako elkarrizketa baita.

Ezin dut asmatu zein izan daitekeen berrien aurkezpen ezberdin hauen arrazoia, izan ere, paperezko edizioan elkarrizketako aipamena ere agertzen da lehenengo orrian. Baina, egia da ez-ohikoa dela paperezko egunkari bateko berri nagusia elkarrizketa bat izatea, ez bada oso oso ez-ohiko elkarrizketa bat.

Esan genezake euskara eta euskararekin lotutako gaiak direla Berriako irakurle guztiek amankomunean duten interesa, eta egunkariaren beraren ezaugarri da, googleeko bilaketaren emaitzan ikusten den bezala:

 

Horregatik, ez da harritzekoa batetik egunkariak Euskararekin lotutako berriei ematen dion garrantzia, eta bestetik, irakurleek ere gehien irakurri dituzten bost berrien artean, bigarrenak eta hirugarrenak Euskararekin harremana izateak:


 Berria eta Zientzia

Abenduaren 17 honetan, zientziari buruzko berririk ba ote den begiratu dut Berrian. Eta bai, badago, bai paperean bai sareko bertsioan. Paperean azkenengo orrietan ageri dira, berri bat, iritzi artikulu bat eta elkarrizketa bat. Azken hau egunkariaren atzeko orrian. Ez dut pentsatu nahi azkenengo orrietarako uzteak garrantzia kenduko dionik gaiari, izan ere, asko gara egunkaria atzekoz aurrera irakurtzen dugunok… Deigarria iruditu zait zientziari buruzko berriaren aurkezpen landuak, orain erakutsiko dudan bezala. Bertsio original hau papererako bakarrik erabili dute eta on-line aldaeran testu huts modura aurkeztu dute.


“Begi berria, aro berria” notiziak James Webb espazio teleskopiaren jaurtiketa iragartzen du abenduaren 24rako. Teleskopio honek behaketak lurretik egin beharrean, espaziotik egingo ditu. Bi ispili ditu, eta lehenengo ispilua 18 ispiluz osatuta dago, hexagoko formakoak eta urrezko geruza batez estaliak. Bada, berria irudikatzeko, erdialdean benetako ispiluaren irudia jarri dute eta ezaugarriak azaltzen dituen testua, ordea, ispilu hori imitatzen duten hexagonoetan jarri dute, batzuk horiz margotuta, benetakoaren isla bezala.

Deigarria iruditu zait berria modu honetara ematea egunkariaren ia bi orrialde betetzen dituelako, gainera, koloretan. Uste dut hori egitea garestia dela argitalpen mailan, baina bestalde, agian berria testu hutsean emanda jende gutxiagok irakurriko luke. Beraz, uste dut gauzak honela kontatzeak irakurleak erakar ditzakeela. Izan ere, apustu egingo nuke jende gehiagok irakurriko duela berri hau, ondoan bi zutabetan agertzen den iritzi artikulua baino.

Zientziari buruzko azkenengo artikulua, mediku bati egindako elkarrizketa bat da eta egunkariaren azkenengo orrian agertzen da. Orri hau egunkarietan irakurrienetakoa izan ohi da. Maialen Berridi familia medikuak argitara eman duen liburuaren ildotik elkarrizketa egin diote. Gaia zientzia eta gizartearen erdibidean kokatzen dela uste dut, izan ere, pandemia/post-pandemia garai hauetan, medikuntzak berebiziko garrantzia dauka gure artean. Berriak bere Twiterreko kontuan ere aipatzen du elkarrizketa; Twiterreko mezu motza, paperezko edizioaren azpititulua bera da eta sareko egunkarirako lotura gehitzen dute:




Honezaz gainera, Twiterren paperezko egunkariko bi berri nagusiak ere ageri dira; bai eta sareko bertsioko berri nagusia. Azken hau izan da Twiterren argitaratu duten lehena. Txio bakoitza behin bakarrik eman dute eta guztietan berriarekin lotutako argazki bat gehitu dute. Facebook-en eta Instagram-en, ordea, ez dut aurkitu Berriaren gaurko argitalpenik. Hona txioak:




Berrian, berriak berri

Azkenik, lan hau egiten hasi naizenetik, Berriaren web orriko albisteak aldatu egin dira (paperezkoari oraindik ez diot buelta eman, baina ez dut uste ezer aldatu denik gaur goizetik…). Orain notizia euskararena izan ordez, gehiengo sindikalak deitutako manifestazioari buruzko da.


Twiterren ere honen berri eman dute, eta hau egiaztatzerakoan, ikusi dut zientziako berria ere igo dutela Twitterrera. Oraingoan, testua ez da ber-bera, berriaren laburpen bat baizik:

Lehenengo aldia da egunkari baten online eta paperezko bertsioak eta Twiterrak alderatzen ditudala, eta atera dudan ondorioak hauek dira:

Batetik, on-line egunkaria etengabe eguneratzen ari da, notizia berriak agertzen diren neurrian. Hori paperean egitea ezinezkoa da. Eta bestetik, baliteke Berria bere Twiterraren bidez, gutxinaka argitaratu dituen berri guztiak zabaltzen aritzea egunean zehar, sortzen diren kontu berriekin batera.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Mi consumo energético

Palabras desde el centro de la Tierra

Estructura IMRAD